EUSKARAREN AURKAKO ERASOAK SALATZEKO KONZENTRAZIOA

CCOO eta beste eragile batzuk euskararen kontra antolatzen ari zirela bagenekien. Oraingoan, Oreretako udalaren 25 lan eskeintza publikoaren etetea eragin dute beraien errekurtsoarekin. Azterketak egiteko zerrendan izena eman ez zuen pertsona baten bitartez, eta aipatutako sindikatuaren abokatuaren bitartez eragin dute etete hau. Oreretako Euskaltzaleen Pizkundea herri eragileak konzentrazioa egin du beraien egoitzaren parean, Euskararen aurkako erasoak etengabe goruntz doan oldarraldia salatzeko asmoz.
Hona hemen konzentrazioaren bukaeran irakurri zen komunikatua, behean transkribatuta:

«Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez
dutelako baizik». Joxean Artzeren hitzak.. Erasoa Oreretan. Beste bat. Ez da lehenengoa
baina hemen suertatu da oraingoan. Gainera, ipurdi bistan utzi dituzte Argiako kazetariek.
«Comisiones Obreras», Langile Batzordeak izendatzeko borondaterik ere ez… Izenetik
hasita diote herra euskarari agian. Noiz arte?

1960. hamarkadan hilzorian zegoen hizkuntza, pizkunde batek salbatu digu. Bizirik ekarri digute. Ahalegin, esfortzu, izerdi, malko eta maitasun guztiarekin eskuratutako lorpena, gure aurrekoena. Eta oraindik ere asko behar du Euskarak egoera arruntera iristeko:
hiztunak, babesa, antolakuntza, defentsa, irudimena, grina… Ez ditu oztopoak behar. Ez hemen eta ez inon, baina Euskal Herrian, zaharrak berri.
Altxa begirada Korrikak Mendebaldetik Ekialdera eta Iparraldetik Hegoaldera zeharkatuko duen errealitateari… Errealitatea, oraina. Iraganak moldeatu duen aroa, errealitatea ez da «naturala», egindako ahaleginek sortutako orubea baizik. Eta Euskarak izan duen bilakaera horren adibide da. Bizirik iraun badu, ez da soilik «zekitenek erabili zutelako».
Bizirik iraun badu, zekitenek erabili, defendatu, egituratu, batu, landu eta merezi zuen lekua lortzeko egindako ahaleginari esker izan da. Eta ez zekitenek, ikasi, erabili, errespetatu, maitatu, transmititu eta defendatu dutelako ere. Beraz, moldaera hau ere balekoa da: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako soilik,
dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik».
Antolaturik, Euskal Herriko zati honetako hizkuntza politika ere geldiarazi nahi dute. Orain, lotsagarriki, PSE-EEk dio hizkuntza eskakizunak inposaketa direla… Euskara
inposaketa dela!!! Nora zoaz, Euskadiko Alderdi Sozialista- Euskadiko Ezkerra? Non
ezkutatu duzue lotsa? Hori da Gasteizen negoziatzen ari zaretena? Hori da zuen marra
gorrietako bat? Ezetz diogu. Hemen inposaturiko hizkuntza bakarra gaztelania da.
Gaztelania delako hizkuntza pribilegiatua, pribilegiatuen hizkuntza. Jaits dezagun Euskara
maila administrazioan, eta euskaraz «moldatzeko» gai direnekin aski dugu. Sar gaitezen
gurpil zoroan arduragabeki! Maila jaitsiz, gaitasuna jaitsi… Gaitasuna jaitsiz. Jo errazera!
Adiera arazoak baditugu, gai ez bagara, jo erdarara! Denok ulertzen dugu ta! Hori
arduragabekeria edo linguzidioa al da? Nor da horren arduradun? Euskararen alde
dagoenak hori egin dezake? Badakigu ezetz!
Orereta, Gipuzkoako herri erdaldunduenetakoa da. Donostia, Irun eta Lasarterekin
partekatzen du titulua, eta Donostian baino erabilera apalagoa du Euskarak hemen.
Podiumean gaude. Baten bat harro sentitzen al da horretaz? Gu ez! Asisko Urmenetak
honelaxe zioen aspaldi Argian argitaratutako testua batean:
«Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, haren likidazioa
programaturik duten bi estatu etsairen makinariak hiztunak isilarazten dituelako baizik».
Antolatu beharra dugu. Haiek antolatu dira, beraz gure esfortzuak handitzeko garaia da.
Euskarak etsai gogor askori aurre egin dio. Egingo dugu beste behin. Gaur izan dadila
hasera berri bat. Pizkunde berri bat Oreretan!
Euskarari Erasorik Ez! Ez Oreretan eta ez inon!